Dagoeneko ez dago hau ulertuko duen gizasemerik. Ez genuen ba gutxi Batasunaren biktimismoarekin eta Espainiako lege antidemokratikoekin eta orain estatuko fiskal nagusiak zirko honen azken erakusketa egin digu: orain ANVri aurkezten uzten badiote ere, agian, hauteskundeen ondoren hauen ilegalizazioa martxan jarriko dute. Esaldia konkretuki hauxe izan da: “no descartamos ilegalizar ANV después de las elecciones, ahora ya no tenemos tiempo”.
Elkarrizketa osoa irakurri dut, egunkari horren (La Razón) ohitura baita gauzak kontestutik ateratzea edo zuzenean manipulatzea. Oraingoan, ordea, eta helburu konkretuak zituen elkarrizketa gogorra bazen ere; esaldi horiek ez daude testuinguru edo kontestutik kanpo.
Modu honetara, MLNVren inguruak beste titular bat lortzen du, beste egun bat egunkari ororen portada izaten. Eta Carlos Garaikoetxeak zioen bezala, beste modu batera ordainezina izango litzatekeen kanpaina elektorala aurrera eramaten. Hauteskunde hauek Biltzar Nagusietako eta Udaletako ordezkariak erabakitzeko den heinean, norbaitek entzun al dio Batasunari, ASBri edo ANVri gure herri edo lurralderako proposamenen bat?
Eta orduan zerren kontura atera dira egunkarietan? Ba beren listak gora eta behera, nola bai edo nola ez diren aurkeztuko esaten. Beren buruzagien esanetan gainera, ASBren estatutuek alderdi politikoen legea betetzen dute. Bejondeiela!
4 urtez hamaika kandidatura presentatu ondoren (Aukera Guztiak, Herritarren zerrenda, AuB, herri plataformak…) alderdien legea (lege antidemokratikoa eta guztiz gaitzesgarria, noski) bete dute. Eta zergatik itxoin hainbeste denbora hori egiteko? Euskal Herriaren onurarako? Edo beraien interes partidistengatik?
Ezker Abertzalea deiturikoak ANVren bidez presentatuko dela ikusirik hurrengoa gogorarazi beharra dago: ANVk espainiar konstituzioa onartzen zuen, baina ikusirik azkenaldian Otegik autonomisoruntz egin duen bira, nork daki…
Gauzak horrela, Eusko Alkartasuna izango da herritarrei proiektu independentista eta ezkertiarra presentatuko dien alderdi bakarra. Helburuak erdiesteko bide demokratikoak soilik direla baliagarri argi daukan alderdia. Herriaren interesak , interes partidistengatik ordezkatuko ez dituen bakarra. Nahi izan balu PNVrekin joan eta postuak ziurtatuak edukiko lituzke, baina ez du hori egin, bere proiektua argi eta garbi aurkeztea erabaki du, Euskal Herrian ideia horiek dituen proiektu bakarra, Eusko Alkartasuna baitugu independentzia eta proiektu ezkertiarrak demokratikoki aurrera eramateko asmoa duen hautagai-zerrenda bakarra.