Archivos para 29/06/07

29
Jun
07

Euskal Herria… asmaketa ote?

Antzuolako alardea 

Arrazoi desberdinengatik Gipuzkoako barnealdeko herri baten jaiei buruzko informazioa iritsi zait, Antzuola. Deba Garaiko herri honen jaiak, herritar eta kanpotarrei ondo pasarazteaz gain herriko (Antzuolako eta Euskal Herriko) historia gogora ekartzen laguntzen digu.

Antzuolan “Mairuaren alardea” deituriko desfilea egiten da. Herriko udalaren webgunean esplikatzen den bezala “Euskal Herriak antolamendu militar propioaren eskubidea izan zuen 1876 urtera arte.  Euskal ejertzitoaren oinarrian udal miliziak zeuden foru aginduari jarraituz, 18tik 60 urtera bitarteko gizonezko guztiek armen zerbitzua bete behar zuten udal eraketaren aginduz. Beraz, milizia hauen barruan konpainiak osatzen ziren herriko jendearekin, buruzagi herriko alkatea zelarik. Ondorioz, armak aztertzeko, guda-gizonak zeintzuk ziren jakiteko eta trebatzeko, urtero, alardea egin behar zen herriko plazan”

Foruen galerarekin berezko antolamendu militarra galdu bazen ere, herri askotan desfilea mantendu zen, normalean gertakari historiko bat gogoratzeko. Antzuolan konkretuki, 920ko uztailaren 26an jazo zen gudan Antzuolako konpainiak Nafarroan eginikoa gogoratzen da; herri-ohiturek diotenez Abd al-Rahman III.aren aurkaka borrokatu zuten, nafarrekin batera.

Gertakari hori gogoratuz Jose Maria Iparragirre urretxuarrak 1878 inguruan idatziriko bertsoak abesten dira alardean. III. Karlistada galdua zen, baina halere euskaldunak euskaldun sentitzen jarraitzen zuten, eta antzuolatarrek (eta orokorrean gipuzkoarrek) nafarrekin zuten harremana goraipatzen dute, harreman sakona, denak baikara euskaldunak.

Orain dela gutxi Carlos Garaikoetxea Lehendakariak egunkarietan publikatutako idatzi batean esaten zuen bezala, Euskal Herria ez da gaur egungo asmaketa bat, lurralde honetako biztanleak urteak daramatzagu euskaraz hitz egiten eta euskaldun izaten.

Hemen uzten dizkizuet XIX. mendeko bertsoak eta begiratu bereziki azken bertsoa: 

1)Nafarrak On Garzia
errege zutela,
odolez estali zan
bai Balde-junkera:
afrikanoak, orruz
legoiak bezala,
zioten kristau bizirik
utzi bear ez zela.

2)Baiña euskaldunak,
Laurak bat aurrera!
zioten: fedeagatik
Danok ilgo gera;
Jo!… jo eta ez eman
Pauso bat atzera…
Gurea izan arte
Mairuen bandera.

3) Mutillak…ara non
illargi erdia; arrapatu dezagun
naiz galdu bizia;
emen degu bandera,
upa Euskal-erria
Eta Antzuola´rentzat
onra eta gloria.

4)San Juan Uzarraga´ko
seme txit argiak
ziran Balde-junqueran
irabazliak;
batzar etxean dauden
illargi erdiak
dira Antzuola´rentzat
txit onragarriak.

5) Esan, adiskideak,
orduan bezala,
Nafarroakin gaur ere
anaiak gerala;
bat da gure izarra,
bat gure bandera:
esan beti Laurak-bat
izan nahi degula